XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beste Ikastetxeak Ikastolen hazkunde kuantitatiboa aurten ere haundia izan da, 77-78 ikastaro hasieran 50.000 haur izateraino heldu baita.

Kopuru honek besterik gabe, badu bere garrantzia, gutxiengoaren ataria jadanik iragana duela adierazten baitigu, bere presentzia Euskal Herri guztian zehar eguneroko irakaskuntz bizitzan gero eta nabarmenago somatzen dugularik.

Aparteko kataklismorik ez bada sortzen, Euskal Herriak bere historian inoiz ezagutu ez duen Kultur mugimendu autonomo eta iraunkor bat lortuko du ikastolen mugimenduarekin.

Garaipen bat da, zalantzarik gabe.

1977an urrats garrantzitsu batzuk eman dira mugimendu hau finkatzeari buruz.

Hildo honetatik aipamen berezia merezi du Bizkaiko, Nafarroako eta Arabako Federakundeen sortzeak.

Une honetan beraz, esan dezakegu Euskal Herri guztiko Federakundeek, Ipar Euskal Herria Seaskarekin barne dela, lanean dihardutela.

Hurrengo pausua beraz Konfederakuntzaren eraketa izango litzake eta honi buruz, aurten ere, lehen urratsak emanak dituzte, 1978an helburua lortzeko asmoz.

Bestalde Euskal Herri guztian halako kultur dinamika bortitz bat soma daiteke.

Agian dinamika honen mila alderdi, itxuraz sakabanatuak eta desberdinak ideia-ardatz baten inguruan biltzen dira, bestela esan, hizkuntz normalizapen prozesoaren hildoan lerrotzen dira.

Borondate eta korronte honen adierazpen argia izan nahi du Euskaltzaindiaren ardurapean eta Lan Kide Aurrezkiaren laguntzaz, Siadeco egiten ari den trilogia eskerga: Euskararen Liburu Zuria, jadanik argitaratua, Euskararen Sozio linguistika azterketa, jadanik burutua; eta bukatzear dagoen Hizkuntz politiko batetarako oinarriak deritzana.

Finantzal laguntza ez ezik lehen eta hirugarren lanaren ideia Lan Kide Aurrezkiak berak, bere kabuz, proposatuak izan ziren.

Hiru lanok adierazi dute lehen aldiz dokumentalki, hizkuntzaren normalizatzearen alde jokatzeko borondate irmoa.

Textuinguru hau kontutan hartu beharrezkoa da, Lan Kide Aurrezkiak beste zerbitzuen artean eratu duen Irakaskuntza Departamenduaren zeregina ulertu nahi bada.

Departamenduaren ahaleginak ardatz biren inguruan biltzen dira: (...).